XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Pertsiana malapartatu hauekin argi guztia barrura sartzen duk -xuxurlatu zuen Emilek, ohearen kanpoaldeko ertzean soina luzatuz.

Izara zimurtsuen artean aztoraturik mugitzen zen, ezeroso.

Bere ondoan, Congo lasai eta erregularki hartzen zuen arnasa.

Horrelakoa banintz, pentsatu zuen Emilek berekiko inoiz ezertaz kezkatuko ez banintz... Baina hori ez duk munduan aurrera egiteko bidea... Ene Jainkoa! Hori bai ergelkeria... Marco txolintzen hasita zagok.

Eta etzanda geratu zen, sabaiko orban lizunezkoei begira, eta tren jasoaren orroak gelan burrunba egiten zuen bakoitzean ikaratu egiten zen.

Jainkoaren izenean, dirua aurreztu behar diat.

Bira egiten zuenetan, ohearen kozkor batek kirrinka egiten zuen eta orduan gogora etortzen zitzaion Marcoren ahots zakar eta txistukaria: Egunsentia ikustean beti esaten zioat neure buruari: beharbada gaur...

- Barkatu, Mr. Olafson, une bat besterik ez da izango esan zuen etxeen salerosketetarako agenteak, zuk eta zure andreak pisuari buruz erabakia hartzen duzuen bitartean...

Haiek elkarren ondoan geratu ziren gela hutsean.

Leihotik Hudson ibai arbel-kolorekoari begira zeuden, baita gerraontzi ainguratu batzuei eta ibaian gora bira egiten ari zen goleta bati ere.

Bat-batean emakumea, begiak distiratsu, bere gizonarenganantz jiratu zen:

- O Billy, pentsatu horretaz unetxo batez.

Gizonak sorbaldetatik helduta berarenganantz erakarri zuen emaztea apurka-apurka.

- Ia-ia honaino iristen da itsasoaren usaina.

- Billy, hona bizitzera etorriko garela pentsatzea ere... Riverside Drive-ra.

- Egun bat ezarri behar dut bisitak hartzeko.